E = E (DetektaEzina = TransmitiEzina)

Pertsona batek ezin du birusa transmititu, tratamendua jasotzen ari bada eta birus-karga detektagaitza badu.

1. Zer dira GIBa eta hiesa?

GIB siglek Giza Immunoeskasiaren Birusa esan nahi dute. Birusa 80ko hamarkadan ezagutu zen, eta “erretrobirus” delakoen taldeari dagokio. Sistema immunitarioa erasotzen du, eta, pixkanaka-pixkanaka, birusa duen pertsonaren babesak suntsitzen ditu; tratamendua hartu eta medikuek zaindu ezean, kalteturiko pertsonak arrisku handia du infekzio larriak eta sistema immunitario osasuntsuak saihestuko lituzkeen zenbait minbizi-mota garatzeko. GIBaren eraginez ahuldutako babesen aldi horri Hartutako Immunoeskasiaren Sindromea edo hiesa esaten zaio.

2. Nola transmititzen da GIBa?

GIBa sexu-organoen jarioetan (semena, baginako fluxua eta ondesteko mukia), odolean eta ama-esnean egon daiteke, eta horietan dagoen birus-kopuru nahikoa gure odolean sartzea da infekzioa gertatzeko modu bakarra.

3. Felazio bat (gizonezkoei egiten zaien aho-sexua) preserbatiborik erabili gabe egin dut. GIBa izan dezaket?

Arriskua txikia da; hala ere, kutsatuta egoteko probabilitatea areagotuko da zure ahoan eiakulatu badu, oietan zauriren bat baduzu edota gizonezkoak aldibereko sexu-transmisiozko infekzio bat badu.
Aho-sexua jasotzen duen gizonezkoak ez du GIBa harrapatzeko arriskurik.

4. Cunnilingus bat (andrazkoei egiten zaien aho-sexua) latexezko hesirik baliatu gabe egin dut GIBa izan dezaket?

Cunnilingusa da GIBa harrapatzeko arrisku txikieneko sexu-harremana; izan ere, tartean hilekorik eta sexu-transmisiozko beste infekziorik ez badago, arriskurik ez dago ia.
Aho-sexua jasotzen duen emakumezkoak ez du GIBa harrapatzeko arriskurik.

5. Zer-nolako arriskua du preserbatiborik gabeko baginako sarketak?

Baginako sarketa GIBa transmititzeko arrisku-harremana da, batez ere andrazkoarentzat, are gehiago eiakulazioa barruan jasotzen badu.

6. Gehiago jakin nahi dut uzkiko sarketari buruz.

Uzkiko sarketa GIBa transmititzeko biderik arriskutsuena da, bai pertsona heterosexualen artean bai gizonezko homosexualen artean. GIBa harrapatzeko probabilitatea 10 aldiz handiagoa da sarketa jasotzen duenarentzat, baina are handiagoa izango da traumatikoa eta luzarokoa izan bada eta barruan eiakulazioa egon bada.

7. Sexu-harremanak izan ditut GIBa duen pertsona batekin (pertsona seropositiboa). Kutsatuta egon naiteke?

Pertsona seropositibo batekin sexu-harremanak edukitzeak ez dauka zertan eragin, ezinbestean, infekzioa. Transmisio-arriskua baldintza hauek eragiten dute, batik bat: GIBak kaltetutako pertsonaren birus-karga (jarioetako birus-kopurua), pertsona horrekin izandako sexu-harremanen kopurua, sexu-harreman mota; eta preserbatiboaren erabilera.
Transmisio gehiago gertatzen dira, gehienbat, GIBa duten pertsonek ez dakitelako birusa dutela, hala nola GIBa transmititzeko gai diren jarioetan birus-kopuru oso handia dutelako.

Birusa transmititzeko aukerarik ia ez dago, pertsona seropositiboak erretrobirusen kontrako tratamendu egonkorra hartzen badu eta birus-karga detektagaitz iraunkorrari eusten badio, nahiz eta babesik gabeko baginako edo uzkiko sexu-harremanak izan. Halaxe ondorioztatu zen Partner Ikerketa delakoan, zeina AEBetako Boston hiriko Erretrobirus eta Infekzio Oportunistei buruzko Biltzarrean (CROI, ingelesezko siglak) aurkeztu zen, 2014an; besteak beste, tratamenduak prebenitzeko orduan duen duen eraginkortasun handia egiaztatu zuen. Egun, PARTNER 2 ikerketak martxan segitzen du, oraingoan gizon homosexualekin baino ez. Haiek osaturiko bikoteei 2019ra arte egingo zaie jarraipena.